XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Nola ez didazue abisatu?- amasoari begiratzen zion Estebek.

- Aitak lanean ari hintzela erran ziguk - amasoak ez zekien inor mindu gabe nola adierazten.

- Ba lanean ari nintzen noski baina - eta haserralditxoa gaindituz Mayiri: - Gurekin afalduko duzu noski.

- Ez hamabiak baino lehen joanen nintzela erran baitiot ene amari eta - edalontzia eskoin eskura pasatuz erlojua begiratzen zuen - bi orenetako bidea badut segurki.

- Halere - Mayigandik Juantxikigana honengandik amasogana paseatzen zituen begiak Estebek berriro Mayigan finkatzeko -zerbaitto hartuko duzu...

- Ez, ez - ezpairik gabe, Mayik -, nahi baduzu lagun nazazu herriraino han baitut autoa utzi.

- Joanen naiz bai - neskaren eskari hark batere harrituko ez bailuen jeikitzen zen - ezarriko ditut arropa garbiak - eta irteten zen.

- Ba zoaza?- galdetzen zion amasoak Mayiri -, geldi zaitez xingar puxka zonbait frijituko dizut...

- Zihur naiz onak izanen direla - eta amasoen begiek orduan? galdetzen baitzioten: - baina pentsa ezazu nik ere ama badudala eta ezin dut gauez horrela utzi...

- A bon!- besterik ez zuen behar amasoak eta sartzen zen sukaldean eskuarekin etsipenezko keinua eginik.

- Aspertu ote zaitut ene istorioekin?- galdegiten zuen Juantxikik.

- Aspertu? Ontsa kontatzen baituzu eta gainera ez dituzu nolanahiko gertakariak zure aitarenak - bihotzez esaten zion Mayik.

- Ez, ez - pentsakorra begiak apaltzen zituen Juantxikik -, aspaldi zaharrean gauzak halatsu ziren baina egun imajinatzea ere zaila duzu.

- Prest naiz - Estebe agertzen zen eta gonbidatzen zuen Mayi.

- Banoa - jeikitzen zen Mayi amasoari musua emateko Juantxikiri bostekoa, adioak eta ongi izanak eta nahi duzularik jinak erraiten zizkioten elkarri, gero ateratzen zen Estebe atzetik Jauntxikik begi ñikada egiten zion eta Estebek irribarrez erantzun.

- Gau ederra zuten herri alderako bidean hasten zirenean txirriten kir-kirrak entzuten zituzten.